2015eko urtarrilak 10

Medhin eta Saina, txapeldun 60. Donostiako Nazioarteko Krosean

Afrikarrek euren nagusitasuna erakutsi dute maila absolutuko probetan eta ikuskizun handia egon da Donostiako Hipodromoan

Teklemariam Medhin atera da garaile gaur goizean Hipodromoan jokatu den 60. Donostiako Nazioarteko Krosean. Eritrearra, 2009 eta 2011 urteetan ere Donostian irabazi zuena, izan da indartsuena azken kilometroetan afrikarrek euren nagusitasuna erakutsi duten proban.

Hasierako kilometroetan mugimendua egon da lehenengo postuetan. Ivan Fernandezek aurrea hartu du eta lasterketaren buruan joan da laugarren kilometrora arte. Medhin, Toroitich eta Cheboi afrikarrek, Javi Guerrarekin batera, gasteiztarra harrapatu dute eta boskotea osatu dute sailkapenaren buruan.

Javi Guerra afrikarrei erritmo gogorra ezarri die eta Ivan Fernandez gasteiztarra izan da atzean geratu den lehenengoa. 15 minutu eta 32 segundu behar izan du buruko taldeak ibilbidearen erdia osatzeko (5 km).

Momentu horretan afrikarrek erritmoa handitu dute eta hirurak bakarrik joan dira. Toroitich eta Medhin-ek gogor jarraitu dute baina Cheboi kenyarrak ezin izan du erritmoa jarraitu eta atzeratu egin da. Bien artean zegoen garaipena.

Zortzigarren kilometrora iritsi baino lehen, Medhinek atzean utzi du Toroitich ugandarra eta bakarrik jarraitu du aurrera, tarte handirik egin gabe, 30 minutu eta 32 segunduko denborarekin helmugara iritsi arte. Toroitich 10 segundu beranduago iritsi da, bigarren postuan, eta Cheboik podiuma osatu du 40 segundora. Javi Guerra iritsi da laugarren postuan eta Ivan Fernandez izan da lehen euskalduna, bosgarren postuan.

Kenyarrak nagusi emakumezkoan

Emakumezkoen proba nagusian, Betsy Sainak lortu du garaipena Magdelene Masairen aurretik, 23:18.09 denborarekin. Espero bezala, Kenyako bi korrikalariak nagusi izan ziren eta laugarren kilometroan beren jarraitzaileak atzean utzi dituzte. Lehenengo kilometroetan, Veronica Perez, Lidia Rodriguez, Diana Martin eta Gema Barrachinak soilik lortu dute afrikarren erritmoa jarraitzea.

Proba osoa elkarrekin joan ondoren, Sainak indar gehiago erakutsi ditu azken kilometroetan eta abantaila txikiarekin iritsi da helmugako zuzenera. Horrela nahikoa izan zaio lehen postua lortzeko, Masairen azken esfortzua ezerrean utziz. Lidia Rodriguezek osatu du podiuma,irabazletik 37 segundura, azken itzulian Diana Martini aurreratu eta gero, eta honek laugarren postuarekin konformatu behar izan du. Veronica Perez, Donostiako Maratoiaren irabazlea, bosgarren postuan iritsi da eta Maite Maiora (25:24) izan da helmugan lehen euskalduna, zazpigarren postuan, Ibone Sanchezen aurretik.

Omenaldiak

Donostiako Nazioarteko Krosaren 60. edizioan Carmen Valerori omenaldia egin zaio, Hipodromoan garaipen gehien lortu dituen atleta. Teruelgo korrikalariak izen handia egin zuen kroseko modalitatean eta gure lurraldeko zaleen mirespena ere irabazi zuen 1974 eta 1977 urteen artean Hipodromoan jarraian irabazi zituen lau txapelei esker.

Duela gutxi zendu zen Fernando Osa mendizaleari ere omenaldia egin zaio, urtarrilaren lehen egunean Andeetan bizitza galdu zuena. Club Vasco de Camping elkarteak 1 dortsala bere omenerako erreserbatu du lehenengo aldiz ospatu den Herrikoiak Krosera lasterketan. Gipuzkoako enparantzatik hasita, Hipodromoraino iritsi dira parte hartu duten 140 korrikalariak. Lasterketak erantzun oso ona izan du eta partaideek armailen aurren dagoen zuzenean bukatu dute korrikaldia, zaleen berotasuna jasoz.

Jai giroa

Azpimarratzekoa da maila absolutuko bi lasterketekin batera maila desberdinetako beste hamar proba jokatu direla goizean zehar. Bestelako ekintzak ere izan dira, hala nola, Gipuzkoako enparantzatik Hipodromoraino iritsi den ibilaldia edota auto klasikoen kontzentrazioa. Ibilaldiak 125 pertsona bildu ditu eta 25 urte baino gehiagoko 75 kotxe zein motozikleta izan dira kontzentrazioan.

Goizeko 10.30etatik aurrera, maila guztietako lasterketak jokatu dira Donostiako Hipodromoan, benjaminetatik hasita beteranoen mailara arte, gizonezkoen zein emakumezkoetan.

Eguraldiak ere lagundu egin du, izan ere, lehenengo lasterketak hasi baino lehen euria erori da, baina probak jokatzen hasi direnetik errespetatu egin du eta lokatza izan da, beste urte batez, protagonista.

Deskargatu emaitza guztiak

Maila guztietako txapeldunak

Absolutu gizonezkoak: Teklemariam Medhin (30:54)
Absolutu emakumezkoak: Betsy Saina (23:18.09)
Beterano gizonezkoak: Sergio Roman (13:39.62)
Beterano emakumezkoak: Nidia Zulma (9:49.62)
Junior gizonezkoak: Ossama Ifraj Akaoui (19:07.44)
Junior emakumezkoak: Inés Zugasti (17:12.22)
Jubenil mutilak: Lahbid Saidi (19:13.38)
Jubenil neskak: Jone Zabaleta (16:46.15)
Kadete mutilak: Martín Zugasti (13:39.75)
Kadete neskak: María Lasa (7.54.41)
Infantil mutilak: Martín Hernández (13:38.84)
Infantil neskak: Uxue Arrese (8:16.28)
Alebin mutilak: Gorka Kareaga (7:25.97)
Alebin neskak: Amaiur Errazkin (5:43.15)