2017ko urtarrilak 29

Bahrain palmaresean sartu da

Asiar erreinuarekin nazionalitatu berri diren Sadik Mikhou marokoarrak eta Bontu Rebitu etiopiarrak bi txapela preziatuak eskuratu dituzte Donostiako Hipodromoan

Birhanu Balew faboritoak behera egin du eta ezin izan du ezustekoa saihestu eta Nuria Fernandez nahastu egin da kilometro baten faltan eta ezin izan du borrokatu

Donostiako Nazioarteko 62. Krosa sekulako ikuskizuna izan da aurten ere eta ezusteko handia bizi izan dugu Hipodromoko hitzordu ospetsuan, Sadik Mikhou izan baita garaile, Birhanu Balew faboritoa aise menperatuta. Bahrainiar nazionalizatutako marokoarrak ez du arazorik izan txapela lortzeko sekulako lasterketa borobildu eta gero, nahiz eta fondo erdiko korrikalaria den eta ez zegoen argi nola moldatuko zen Zubietako zelai gogorrera.

Emakumezkoen lasterketan Bontu Rebitu bahraindar nazionalizatutako etiopiar faborito nagusiak garaipen argia bereganatu du, nahiz eta pixka bat itsustu den Nuria Fernandez kilometro baten faltan nahastu egin eta gero. Zaletuak zirkuitura hurbildu dira eta atleta guztiei babes handia eskaini diete goizeko lehen ordutik eta lasterketa guztietan zehar eta sekulako atletismo festa bizitzeko aukera izan dute adin guztietako ikusle eta atletek.

Sekulako erritmoa

Mikhouk argi utzi du hasiera hasieratik kontutan izateko arerioa zela eta lasterketa osoan zehar lehenengo postuan ibili da, aise gainera. Azken itzulia hasi bezain laster abiadura igo du, nahiz eta erritmoa sekulakoa bazen, eta Birhanu Balew atzean utzi du nabarmen. 30'01''-ko denborarekin helmugaratu da eta 7 segundo atera dizkio, lehen kilometroan zapatila bat galdu duen Olivier Irabaruta (31'19'') burundiarrak hirugarren izan delarik.

Bontu Rebituk, bestalde, sekulako borroka izan du lasterketa osoan zehar Roxana Birca errumaniarra eta Nuria Fernandez madrildarrarekin, Elena Loyo gasteiztarra hasieratik nahiko atzean utzita. Azken itzulian dagoeneko, Rebituk aurrera egin du Fernandezekin, baina madrildarra nahastu egin da, kilometro baten faltan esprina bota du eta Rebituk (29'19'') aise irabazi dio, 6 segundo aurretik. Birca (29'43'') hirugarren izan da.

Jaurdunaldia goizeko 10.00-ak pasatak zirela hasi da, federatuak diren kategoria guztien lasterketa desberdinekin, urtero gertatzen den bezala, salbuespenik gabe, irudi ederrak utzi dituzten txapelketak, hain zuzen ere. Atleta txikienetatik hasita eta helduenak ere barne, korrikalari guztiak izugarrizko ahaleginak egin dituzte Hipodromoaren belarraren gainean proba ospetsu ezberdin guztien podiumetako preziatutako hiru lekuen bila.

Hipodromoa goraino bete egin da aurten ere, eta anbiente ikusgarria bizi dugu goizeko lehen orduetatik eguraldiak errespetatu egin baitu eta lasterketetan zehar ere egoera ona izan da, haize gehiegirik gabe. Diziplinak ez ditu bere ezaugarri ikusgarriak gehiegi erakutsi ez baitzeuden ez euririk ez lokatzik, baina atleta guztiek Zubietako barrutiaren belarraren egoera itzela eskertu dute eta festak bukaera borobila izan du beste behin.

EMAITZAK