2017ko urtarrilak 4

Izen-emate epea ireki da

Izen-emateak web orrialde honetako Izen-ematea atalaren bidez gauzatu ahal izango dira

2017ko urtarrilak 29 igandean gipuzkoar hiriburuko Hipodromoan ospatuko den Donostiako Nazioarteko 62. Krossan parte hartzeko izen-emate epea gaur goizean ireki da. Zubietako barrutiko proba ospetsurako izen-emateak web orrialde honetako Izen-ematea atalaren bidez gauzatu ahal izango dira, Espainiako Federazioaren extranet-arekin bat egiten baitu. Aurreko edizioetan bezala, eta federatuentzako kross eta pista txapelketa guztietan bezala, izen-emateak atletek lasterketa ezberdinetan ordezkatuko dituzten klubek egin beharko dituzte aurten ere. Korrikalari atzerritarrek eta independienteek Gipuzkoako Atletismo Federazioarekin hitz egin beharko dute, honek tramitatuko baitizkie parte hartzeko izen-emateak.

Goizeko 10.05-etatik aurrera, infantilak, kadeteak, jubenilak, juniorrak, alebinak, benjaminak, absolutuak eta beteranoak ordena horretan lehiatuko dira beraien adinerako aproposak diren distantzietan. Gogorarazi behar da diziplina honetako Euskadiko Txapelketa bi urtez jarraian hartu eta gero gipuzkoar hitzorduak Zornotzari lagako diola aurten Bizkaiko Federazioaren urteurrena ospatzen dela eta. Hori bai, ikuskizuna eta emozioa ziurtatuta egongo dira eta, zalantzarik gabe, pena mereziko du Hipodromora hurbiltzea atletismoaren kirol jardunaldi borobil honetaz beste behin gozatzeko. Gainera, ez dira faltako dagoeneko ohizkoak diren salda eta txorizo egosia, zaletuak korrikalarien ahaleginarekin hunkitu baino lehen hotza astindu dezaten.